ARGIZAIOLAK

 

Argizaiola, arbasoen hilobiaren gainean jartzen den zurazko ohola da eta argizariz bildua dago (argizaiola=argizaria eusteko ohola). Lehendabiziko argizaiolak, eskutokia dutenak, tradizionalak dira baina, denborarekin, xumeagoak ere erabili ziren, tailarik gabe edota hankekin ere. Argizaiolaren erabilera (XVI.mendearen bukaeratik aurrera) Gipuzkoa eta Nafarroaren Iparraldean eman zen batez ere, Euskal Herriko beste herrialdeetan argizariak zuzenean edota fuesak erabili ziren. Guztiek ere, esanahi berberarekin.

 

Estela edo hilarriekin gertatzen den bezala, argizaiola zaharrenak antropomorfikoak ziren: hildakoaren gorpua sinbolizatzen bait zuen. Gehiengoaren neurriek ez dute 50 zm-ko luzeera gainditzen eta lodiera, 2-4 zm-ko tartean ibili ohi da.

 

Argizaria, hildakoaren hiletan pizten zen eta argizaiola (etxeko suaren eramalea) eleiz barruko familiko hilobiaren (jarlekua edo sepulturie) gainean jartzen zen urte batez, mezetan piztuz.  Urte hori pasa ondoren, urtean zehar egun zehatz batzuetan (urteurrenak, todoslossantos…) argizaiola pizten zen hildakoa gogoratzeko. Argizaiolaren erabilera beti emakumeen gain zegoen, haiek argizaiola pizten zuten eta jarlekuaren erabilera haien eskuetan zegoen; mezetan, gizonen lekua eleizako goiko pisua zen beti.

Argizaria etxe edo familia bakoitzak, eleizaren barruan duen jarlekuan, bere etxeko sua sinbolizatzen du. Etxea sakratua zen, barruan su sakratua erretzen zen; arbasoen aintzinako sinboloa. Ezin da ahaztu, eleizetako barrukaldeetan lurperatzen hasi baino lehen (XIII-XIV mendeak), etxearen barruan edo ondoko baratzean lurperatzen zela. Elizen barrukaldean lurperatzen hasi zirenean, etxe bakoitzak bere hilobia lurrean markatuta zuen, etxea-hilobiaren arteko lotura gehiago lotuz: etxea saltzen bazen,  hilobia ere berarekin bat saltzen zen. Jarlekua, hilerrien sorketaren ondoren ere mantendu ziren: osasun arrisku eta leku faltagaitik, eleizen kanpokaldean lurperatzen hasi ziren (XVIII.mendea).

 

Aintzinako etxea-sua lotura sinbolikoak, hilobi-argizaria lotura kristauaren egokitasuna eduki zuen. Suaren idei primitiboak, etxeko garra, kristautasunera eta eleiz barrutiko kultora moldatu zen: Argizaiolak jarlekuaren gainean ematen duen argiarekin, hildakoari argia ematen dio.

 

Herri askoetan bezala, Euskal Herrian hildakoei omentzeko argiaren erabilerak garai prehistorikoetara eramaten gaitu. Hildakoak omendu behar dira, haien egoera berriari aurre egiteko behar dutena eman behar zaielarik; bestela, anima erratia bihurtzeko arriskua dute. Hildakoek haien existentzia berrirako argia behar dute. Eta hau, betidanik egin da, errausketen bitartez edota argia, ogia edo animaliak eskeiniz.